Etxean ere birusaren aurka babesten gara: aholkuak eta gomendioak

  1. Home
  2. Noticias-EU
  3. Etxean ere birusaren aurka babesten gara: aholkuak eta gomendioak

Etxean ere birusaren aurka babesten gara: aholkuak eta gomendioak

Noticias-EU
nos protegemos del virus en casa Colegio Trueba

Hilabete pasatxo igaro da 2020-2021 ikasturte “berezi” honi hasiera eman genionetik, eta poz ematen digu Trueba Ikastetxeko familia handia osatzen duten pertsona guztiek nota onarekin gainditu dutela esan ahal izateak: ikasle, guraso, irakasle ez diren langile eta irakasleek.

Iraileko artikuluan aurreratu genizuenez, lan handia egin genuen ikasturtea hasi aurreko hilabeteetan, zuen seme-alabak eskolara iristen zirenerako ahalik eta hobekien prestatuta egoteko.

Baina garrantzitsuena falta zitzaigun: haiek instalazioetan izatea, haiekin elkarreragitea eta dena ondo atera zitekeela ikustea. Hori ezinezkoa izango zen haien laguntza eskerga gabe. Beste behin ere, zuen seme-alabak egoerak eskatzen duen mailan egon dira, eta harrituta utzi gaituzte irribarrerik onena eginez egokitzeko duten gaitasunarekin. Bikainak dira benetan!

Ikastetxean, erne egoteari ez uzteaz gain, praktikan jartzen ari gara Trueba ikastetxeko espazioetan egunero bizi garen guztiontzat ahalik eta segurtasun handiena bermatzeko ezinbestekotzat jotzen ditugun neurri eta jarraibide guztiak, erantzukizunez jokatuz eta beti erne egonez. Albisteetan ikusten duzuenez, egun bakoitza desberdina da eta, horregatik, ezinbestekoa da egokitzeko eta erantzuteko gaitasuna. Hori dela eta, nahiago dugu beti urrats bat aurretik ibiltzea, eta beharrezkoa ikusten duguna praktikan jartzea, nahitaezkoa ez bada ere.

Trueba “espazio segurua” izan dadin nahi dugu eta, horretarako, gure ondasunik preziatuena erabiliko dugu berriro, hain zuzen ere, zuek, familiak.

Eskola-eguna amaitzen denerako, etxean egiteko hainbat eginkizun gomendatzea gustatuko litzaiguke. Gomendio horiek praktikara eramatera animatzen zaituztegu elkar ahalik eta ongien babestu ahal izateko. Elkarlanean bakarrik lortuko dugu birusa garaitzea eta “bizimodu normala” lehenbailehen berreskuratzea.

Etxera iristean bete beharreko jarraibideak eta gomendioak:

  1. Ikastetxean erabilitako oinetakoak kendu eta eskailera-buruan edo etxeko sarreran uztea.
  2. Etxeko gauzak ukitu baino lehen, hobe konketan eskuak ondo garbitzea, urarekin eta xaboiarekin.
  3. Ahal izanez gero, etxera iristean dutxatzea izango litzateke egokiena.
  4. Eskolara eraman ditugun objektu guztiak desinfektatzea edo garbitzea komeni da: mugikorra, betaurrekoak, eskumuturrekoak, belarritakoak…
  5. Eskolako arropa aireztatzen utz daiteke egun batetik bestera eta, ahal izanez gero, eguzki-argitan.

Oro har, etxean egin ditzakegun eta hobeto babesten lagunduko diguten beste ekintza batzuk gogoratuko dizkizuegu:

  • Arropa, esku-oihalak eta oheko arropa 40º-tik gorako tenperaturan garbitu arropa-garbigailuan
  • Eskolara eramandako fianbrerak eta mahai-tresnak nahiz etxeko platerak, mahai-tresnak eta edalontziak ontzi-garbigailuan garbitu, 60º-tan
  • Sukaldea eta bainugela maiz garbitu, lixiba duten detergenteekin eta, ahal izanez gero, erabili eta botatzeko materialak erabili garbiketarako.
  • Etxeko gela guztiak oso ondo aireztatu.

Badakigu ezinezkoa dela erabateko desinfekzioa egitea eta % 100 kutsatzetik libre egotea, baina gomendio horien bidez lortu nahi duguna da arriskua ahalik eta gehien murriztea.

Azkenik, baina ez garrantzi gutxiago duelako, gogorarazi behar dizuegu arrisku-patologiak dituzten pertsonekin batera bizi bagara, are eta kontu handiagoz jokatu behar dugula. Ahal izanez gero, bainugela desberdinak erabili edo erabili ondoren garbitu. Kontaktua murriztea, maskarak erabiltzea eta segurtasun-distantziari eustea komeni da.

Ikastetxetik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu zuen ulermenagatik eta konfiantzagatik eta, aldi berean, gure gogo eta indar guztiak bidaltzen dizkizuegu ari garen bezala borrokan jarraitzeko.

Previous Post
2020-2021 Bekak
Next Post
Artxandako Trueba Ikastetxeak ‘Centro Ciberseguro’ ziurtagiria lortu du

Buscador

Noticias destacadas.