Trukearen esperientzia, protagonistek kontatuta

Noticias-EU
Praktijkschool intercambios trueba

Hirueletasunaren aldeko apustua egin dugu Trueban eta gure esku dauden jarduera guztiak egiten ditugu hizkuntzetan murgildu ahal izateko.  Oso aberasgarria iruditzen zaigu ikasleentzat, ikuspegi akademikotik ez ezik, ikuspegi pertsonaletik ere.

Guk ikusten dugunaren berri eman ordez, bi ikasleri eskatu diegu aurten egindako truke-esperientziaren berri emateko, izan dituzten inpresioak kontatzeko artikulu honetan.

Sofia eta Igor dira gure protagonistak, truke-programan parte hartu duten ikasleetako bi. Biak Batxilergoko 1. mailan daude.

Programa hobeto ulertzeko, trukea norabide bikoa dela esan beharra daukagu. Hau da, otsailean Kennemer College-eko (Beverwijk, Herbehereak) ikasleak izan ziren Bilbon eta gure familietan egon ziren bizitzen.

Martxoaren hasieran Truebakoak joan ziren Beverjwijk-era, gauza bera egitera. Igandetik ostiralerako egonaldia egin zuten, inguruko familietan egon ziren eta Kennemer College-era joan ziren, hango ikasleak balira bezala.

Igor eta Sofiaren eguna goizeko 8:30ean hasten zen. Goizez eskolara joaten ziren eta inguruko zenbait tokitara ibilaldiak egiten zituzten, museoak ikustera joaten ziren edo izotz gainean irristatzera. Arratsaldez denbora librea izaten zuten harrerako familiekin etxeren batean biltzeko edo hainbat plan egiteko, esaterako, bolatokira joateko.

Guretzat, ordea, beste zerbait izan zen garrantzitsuena eta gurasoentzat ere hala izango da: maila pertsonalean eta akademikoan esperientzia honek egin dien ekarpena. Sofiaren eta Igorren esanetan beste herrialde bateko jendearekin bizitzea oso aberasgarria izan da eta egin behar izan duten ahalegina oso positiboa izan da, nahiz eta nekagarria izan den oraindik ikasten ari diren hizkuntza batean komunikatu beharra. Azpimarratu dute esfortzua egin behar izan duten arren, asebete ere egin dituela gune erosotik irteteak eta egoera berrietara egokitzeak, Igorrek esan digunez dena ez da erraza izan, baina egoera guztietan ikasten da zerbait. Sofiak adierazi digu orain arte ohartzen ez ziren gauza batzuk baloratzeko balio izan diela esperientziak.

Bien esanetan positiboena izan da jende eta toki berriak ezagutzea, kultura desberdin bat ezagutzea. Adiskide berriak dituzte orain eta agur esatea oso gogorra izan dela aitortzen dute, seinale ona da hori!

Sofiak eta Igorrek errepikatuko lukete esperientzia eta datozen urtean truke-programaren batean parte hartzeko zalantzan dauden ikasle guztiei gomendatzen diete. Baina erronkari aurre egiteko jarraibide argi batzuk ere eman dizkigute; argi dago heldutasun handia dutela.

Horrelako programa batean parte hartzea erabakitzen duenak konbentzituta egon behar du, ez du kontuan izan behar lagunek ere parte hartuko ote duten ala ez. Beldurrak eta lotsa etxean utzi behar dira eta ikasteko gogoa izan behar da. Ezinbestekoa da ahalegina egiteko espiritua eta mundu osoarekin harremanak izateko gogoa izatea, ez soilik taldearekin, eta elkarrizketetan, galdetzerakoan… proaktiboak izan beharra dago.

Programa hauetan parte hartu ala ez erabaki ezinda dauden ikasleen gurasoentzako ere badute mezu bat. Beldurrak alde batera utzi eta esperientzia honen alde positibo guztiez pentsatzeko gomendatzen diete. Baliteke dena erraza ez izatea, baina ahalegintzen badira oso baliagarria izango dute heltzeko, begiak irekitzeko eta % 100 aprobetxatzeko.

Sofiak eta Igorrek ikastetxearen eta beraiekin joan diren irakasleen babesa eta laguntza izan dute. Planning egokiak egin direla uste dute eta “euren bolara” ibiltzeko denbora izatea ere baloratu dute.

Mila esker zuen iritziagatik. Seguru gaude oso lagungarria izango dela zuen kideentzat eta gurasoentzat.

Previous Post
Trueba ikastetxeko erizaintza zerbitzuak zure seme-alabak zaintzen ditu
Next Post
Gure irakasleek egia diote COVID19 etapa honi buruz

Noticias destacadas.

Menu